XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oraingo ipuin hau Leitzan kokatzen da eta nire berriemailearen arabera honela da.

Jentilek bakarrik zekiten artoa ereiten eta Martin Txiki zen haiekin tratatzen zuen bakarra.

Martin Txikik esan zien jentilei arto-pila baten gainetik salto egin baietz ala ezetz apustu egin behar zutela.

Apustu hau egiteko Martin Txikik abarka handi batzuk jantzi zituen.

Jentilak salto egin zuen arto-pilaren gainetik eta Martin Txiki, berriz, arto gainean gelditu zen, abarkak artalez beterik.

Salto egin ondoren, Martin Txikik alde egin zuen, azkar asko, eta jentilak hori ikustean honela oihu egin zion: Hazia badaramak, baina noiz ereiten den ez dakik.

Eta hori esan orduko aizkora bota zion, baina ez zuen Martin Txiki jotzen asmatu, gaztain-arbola bat jo baitzuen.

Martin Txiki etxeratu zen, hazia bazuen baina ez zekien noiz erein behar zen.

Orduan pentsatu zuen andre zahar jentil bat ezagutzen zuela eta hark esango ziola.

Martin Txikik bere mutil bat bidali zuen andre jentil honengana, artoa noiz ereiten zen galdetzeko, baina andreak ez zion argitasunik eman, marmarrean geratu zen.

Mutila etxetik atera zen baina ez zuen alde egin, zelatan jarri zen leiho ondoan eta hara zer entzun zion andre zaharrari:

Mutil eroa, saririk gabe jakin nahi huke artoa noiz ereiten den?

San Isidrotan ereiten baduk, artoa izango duk bai...

Mutil zelatariak hala entzun zuen eta hala jakin zuen Martin Txikik artoa noiz ereiten den.

Orduan hasi omen ziren euskaldunak artoa ereiten.

Artoa bereganatu zuten baina ez zuten ehotzen asmatzen.

Errotaren ardatza behin eta berriz erre egiten zitzaien, ez baitzekiten nolako ardatza egin behar zen.

Berriz ere Martin Txiki jentilengana hurbildu eta hala adierazi zien (...).